XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kosmologia motibazioak

Munduaren historian lehendabizi agertu bide den erlijioera, kosmologikoa edo biologikoa da.

Aisa ulertzen da horrela izatea, gizon haren lehen beharrak eta eskakizunak gogoan hartzen baditugu.

Inguratzen zuen izadi hura dena, adiskide eta etsai, etsai eta adiskide zitzaion antzinateko gizonari.

Gizona izadiak menderatzen zuen.

Gizona indarge, bilutsik, desarmaturik aurkitzen zen, naturaleza ustez ahalguztidun haren aintzinean.

Indar guzien kabia, gizonarengandik at dago.

Eta indar horiek, misteriotsu, izkutu, eskerga, ikaragarri presentatzen zaizkio.

Eta, handik bizi zenez, bere beharra zuen denerako.

Zer egingo? Eskatu.

Euria, eguzkia, uzta ona, osasuna, zoriontasuna, oparotasuna, trumoiak urruntzea, legortetik eta uholdetatik libratzea.

Eskatu eta eskaini.

Indar kapritxoso horiek baretu beharra dago.

Sakrifizioak eskainiaz noski.

Politeismoaren garaian, pertsonifikatzearen bidez indar bakoitza jainko denez gero, beharkizun bakoitzerako jainkotxo bati.

Monoteismoarekin, Jainko bakarra izanik ere, motibazioek berdintsu iraun dezakete.

Gizakumearen erlijio praktikaren helburua naturaleza adiskidetzea da, eta, egia esan, naturalezaren kontra joaterik ez du (esaterako, nekazariak, arraintzaleak), bere biziaren truke ez baldin bada.

Erlijioera honetan, etika, morala, oso bigarren mailan gelditzen da.

Norberaren bizitzak, onak ala txarrak, ez du halako inportantziarik.

Nola iraun dezake erlijio kosmologiko honek, hirira, herri industriatsutara jeisten denean?.

Jainkoarengana edo jainkoengana joteko gizonak zuen mila arrazoi, kolpe batez, irrazionalkeriaren amildegian erortzen zaio.

Euria eta eguzkia ez dira lantegian hain beharrezkoak.

Osasunerako, midikua dago.